Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko urr. 15ko prentsa-oharra

Nafarroako Turismoak sare sozialetan dituen jarraitzaileak hazi dira: 4,7 milioi aztarna baino gehiago irailean

Nafarroako Turismoko sare sozialen jarraitzaileen kopurua % 8,1 handitu da azken sei hilabeteetan, eta elkarrekintzen kopurua eta kalitatea ere handitu dira. Irailean soilik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko kontuek (Facebook, Instagram, Twitter eta Pinterestekoek) 4,7 milioi aztarna baino gehiago lortu dituzte, eta mezuak Nafarroako Turismoaren 2020-2022ko Ekintza Planarekin bat eginez birbideratuz joan dira, plan horrek pandemiak sorturiko egoera berrira egokitu baitu turismo-estrategia.



Era berean, Nafarroako Turismo Zuzendaritza Nagusiaren profil sozialek gero eta garrantzia handiagoa dute turismo.navarra.es webgunerako trafikoa sortzeko, eta bisitak % 65,2 handitu daitezen eragin dute 2020ko martxoaz geroztik.
Horrez gain, udako hilabeteetan bereziki, Nafarroako turismo sareak indar handiz aritu dira lanean Nafarroako turismo sektorearen eskualdeak, ekintzak eta jarduerak ezagutarazten, eta, hortaz, trafikoa ere sortu dute erkidegoko beste webgune turistiko batzuetara. Aurrerantzean ere sektoreari laguntzeko ekintza horiek bultzatzen segituko dugu bai 2020ko azken hiruhilekoan eta bai 2021ean.

Datu horiek etapa katramilatsu batean kokatu behar ditugu, pandemiak eragindako osasun-krisiaren ondorioak direla eta. Testuinguru horretan Nafarroako eskualdeak hobeki ezagutaraztera birbideratu dira mezuak, eta gure erkidegoaren indarguneetan ardaztu dira, hartzaile hurbilengana iritsi nahian (turismo familiarra, city break eta foodie direlakoak, turismo aktiboa, natura- eta kirol-turismoa) eta erantzukizuna, segurtasuna eta jasangarritasuna bermatzen dituzten esperientziak erakutsi asmoz.

Lehen fasean ahalegina egin da Nafarroa lehentasunezko helmuga izan dadin bai bertakoen eta bai estatutik datozenen bidaietarako eta aisiarako eta hauxe dugu horren isla: Nafarroan berean, Euskadin, Madrilen eta Valentziako Erkidegoan sortu dira jarraitzaile berri gehienak.

Gainera, jendeari oro har zuzendutako Nafarroako Turismoko sare sozial guztiak @visitnavarra izenaren pean bateratu dira, errazago bereiz daitezen, formatu-aniztasuna galdu gabe batasuna lor dadin eta mezuak gure erkidegora etortzeko gonbidapentzat har daitezen.

Iraila

Nafarroako baliabide turistikoei ikusgarritasuna ematen segitzeko ildo horretan, irailean handitu egin da sare sozialen jarduera aurreko hilabetearekin alderatuta (% 22,2), eta gora egin du jarraitzaileen kopuruak (% 1,1). Nabarmentzekoa da Instagrameko hazkundea % 3,5ekoa izan dela.

Azpimarratzekoa da, orobat, sortutako elkarrekintzen kopurua ere handitu dela, % 11 igo baitira, eta horrek erakusten du edukiak interesa piztu duela.

Sareka, aipatzekoa da Facebooken, irailean, bi milioi aztarna baino gehiago sortu zirela, hots, Nafarroako turismoari buruzko informazioek bi milioi ikustaldi izan zituztela.  Datu bitxi bat: Eugiri eta Kintori buruzko post batek sortu zituen elkarrekintza eta iruzkin positibo gehien.

Instagrameko goranzko joera ere finkatzen ari da: 2,5 milioi aztarna, eta elkarrekintzen % 33ko hazkundea. Sare horretan, Urederra iturburuaren irudiak eta informazioa dituen post batek sortu ditu erantzun positibo gehien irailean.

Twitterri dagokionez, jendeari oro har zuzendutako @visitnavarra kontuan 98.800 aztarna sortu dira, hau da, % 5,1 gehiago; eta Erriberari buruzko post batek sortu ditu elkarrekintza gehien.

Bestalde, @TurismoPro_na kontu profesionalak, Nafarroako turismo-sektorerako informazio eta komunikazio berariazkoa bideratzen dituenak, % 23,1 handitu du elkarrekintzen kopurua, eta 10.800 aztarna sortu. Oihartzun handiena, berriz, “Ezagutzen al duzu Nafarroa efektua?” kanpainako post batek lortu zuen, ekimenaren ekintzak prentsan aurkeztu zituenak.

Pinterest dugu Nafarroako Turismoak leku handia duen beste sare oso bisual bat: 57.410 aztarna sortu zituen (hazkundea: % 18,9); bideoak % 7,9 gehiago bistaratu ziren, eta post arrakastatsuenak Belaguari eta Donejakue bideari buruzkoak izan ziren.