Ederra da zinez
Artaxoako alderik gorenetik dagoen ikuspegia. Izan ere,
almenadun dorrez zipriztindutako mihise ikusgarria da. Giltzurrun itxurako multzo hori bere osoan dago lurraren gorabeherei ederki egokitua, den-dena soroz eta alorrez inguratua. Gotorleku zoragarri horri
Zerkoa esaten zaio eta 1085ean hasi ziren eraikitzen, Toulouseko Saint Zerningo kalonjeen aginduz. Lanak 1109an bukatu ziren. Mendez mende, errege-erreginek, jaunek eta elizjendeak biziro irrikatu duten tokia izan da eta horrek hamaika borroka sortu zituen. Hori dela eta, gotorlekua hainbatetan berreraiki behar izan zuten, bereziki Karlos II.a Gaiztoaren erregealdian (XIV. mendea).
Behin harresiraino garamatzaten aldapa pikoak gaindituta, bi zubi izanen dituzu barnera sartzeko, biak hasieratik beretik daudenak: San Migel eta Erremagua. Sarrera librea da. Hamalau dorrek zaintzen zituzten silarri sendoak eta haietatik bederatzi kontserbatu dira, denak kubikoak eta almenadunak, XII. mendeko harresiak eta erronda-bideak lotuta.
Multzo osoak babestu egiten du
San Saturnino eliza-gotorlekua eta, ezkila-dorrea izateaz gain, bazterrak zaintzeko toki aproposa ere izan zen hura. Tenplu erromanikoaren gainean XIII. mendean eraikia, multzoaren defentsan zegoen txertatua, bere osagaiek erakusten duten bezala. Horra hor, konparaziora, horma eta horma-bular sendo horiek, ziegatzat erabili zuten nabearen ganga gaineko erronda-bidea, ur putzua, sakristia espetxetako erabili izana eta XIV. mendeko dorre prismatikoa, XV. mendean guardia postu gisara erabilia.
Bereziki nabarmentzekoa da
XIII. mende bukaerako atari gotikoa; tinpanoaren inguruan badira erabat apaindutako hamabi arkibolta eta tinpanoak hiru irudi ditu zizelkaturik: San Saturninoren martirioa, eta Nafarroako Erregina Joana eta bere senarra, hots, Felipe Ederra.
Pieza bitxien artean
Erdi Aroko uharka dago. Duela gutxi aurkitu zen, elizaren iparraldeko hegalean. Zazpi bider lau metroko azalera du, eta hiru metro sakon da. Goialdean mozturik dago, baina gurutze-gangetako arkuen oinarrietako mentsulek bertan iraun dute egundaino.
Etortzen zarenean, 1505etik 1515era egindako
erretaula gotikoa ikusiko duzu. Erretaulan San Saturnino eseriaren tailu bat ageri da, Ama Birjina eta Haurraren tailu gotikoa, eta kalbario bat -gotiko hispaniar-flandestarra-, den-dena pinturez eta urre ugariz osatua. Halaber, horma-irudi gotiko interesgarriak badira absidean.
Gotorlekuan ibili ondoren, atera zaitez
Artaxoa osoaren ikuspegi ederra ikustera: Erdi Aroko herria muino-hegaletik behera labaintzen da. Ikusgarria benetan.